XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta erdialde hori hautatu badu, hori da, alde batetik hor dagoelako gure herriaren bihotza, eta bestetik, gure literaturaren kondairan halako abiadura edo joera bat nabari delako.

Literatura-zeregiñetan erdialdeko euskara erabiltzera joera nabari delako, alegia.

Bertsolariak, sermolariak, hizlariak, liburugilleak eta habar ditugu lekuko.

Beraz, lehendik datorren abiadura huni eutsi eta jarraiki: hori da bidea.

Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi.

Badira haatik desberdintasunak multzo hunen barrenean ere, eta ez txikiak.

Nola egin batasuna horien artean?

Gure literaturan bi tradizio dira nagusi: mugaz hemendik gipuzkoarra eta mugaz handik lapurtar zaharra.

Bereziak dira, noski, baiña nahiko hurbillak, halere.

Bi horien artean batasuna egitea ez da hain gaitza.

Zoritxarrez gure mendean tradizio horretatik hastandu egin gera pixka bat, elkarrengandik aldenduaz eta urrunduaz joan gera.

Mugaz beste aldekoek lapurtar zaharrari leialtasun txikia gorde izan diote.

Batere tradizio gabeko lokalismuak sartu dituzte euskara idatzian, eta era horretara geroago eta gehiago elkarrengandik urruntzen hari gera.

Maiz entzun izan diot bati baiño gehiagori hemengo aldekoei, noski Axular, esate baterako, aise eta gustora irakurtzen dutela, baiña Herria astekariko zenbait lan ezin dituztela iretsi.

Horrek esan nahi du orai baiño batuago geundela lehen.

Eta erdi egiñik zegoen batasuna hautsi eta bakoitza bere aldetik abiatu gerala, txokoan txokoko txokokeriak euskara idatzian sartzeagatik.

Beharbada beste aldekoek gauza bera esan dezakete gugatik.

Hemen ere gipuzkera literarioaren tradizioari ez zaio errespeto handirik izan eta berrikeria gehiegi sartu izan dugu.

Barraiatze hau, zatikatze eta elkarrengandik apartatze hau, nola erremediatu edo geldiarazi?

Nik, egia esan, istillu huni nekez billatzen diot hunako hau baiño irteera edo soluzio-bide hoberik: hauta dezagula, alegia, denon artean autore bat, behiñolakoa, zaharra, guztion artean lokarri izateko gai dena, eta berau ispillu eta eredu izanik, hor izango dugu gure batasunarentzat oiñarria.

Gauza denetan eta itsu itsuan ezingo dugu hartu, noski.

Hizkuntza bizi batek bere eskubideak ditu.

Ortografia, joskera eta hiztegia bera ere mendez mende asko aldatu da eta gero ere etengabe aldatuz joango da.

Baiña hori gora-behera, egiunez (convencionalmente) referentzi-puntu bat guztiok daukagunean, horrek asko esan nahi du eta asko egin dezake elkarrenganatzeko eta nahi dugun batasun horretara hurbiltzeko.